Beasain


 

Gazteen lokalen prozesua:


 Beasainen, beste herri batzuetan bezala, gazteen lokalak ugaritzen hasita daude. Askotan, bizikidetza on bat ematen da gazte eta bizilagunen artean baina, tarteka, arazoak ere sortzen dira. Gazte eta bizilagunen arteko bizikidetza orekatu eta osasuntsu bat bilatu asmoz, gazte lokalen gaian sakondu beharra dagoelakoan gaude.

Kudeaketa desberdinak burutu ditugu orain arte arlo honetan nahiz eta ordenantzarik ez eduki. Hala ere, Gazte lokalen prozesu hau lagungarri izango zaigula ziur gaude.

Gauzak horrela, Beasaingo Udalak Gazte lokalen prozesua egiteko dinamika jarri du abian. Herriko prozesu hau lantzeko Udalak, Prometea enpresaren laguntzaz, parte hartze prozesu bat jarri du martxan.

Egitasmoa garatzeko aurre-lanak urtarrilean hasi ziren eta maiatzera arte luzatzea aurreikusten dugu. Prozesu honetan Udaleko sail desberdinak inplikatuta daude: gazteria saila bai, baina baita besteak beste, udaltzaingoa eta hirigintza ere.

Prozesuaren helburua ondorengo da: Gazte lokalen errealitateari buruzko hausnarketa egitea eta etorkizuna guztien artean marraztea. Zein da Beasaingo gazte lokalen gaurko errealitatea? Betetzen al dituzte gutxieneko bizigarritasun eta segurtasun baldintzak? Zer paper jokatzen dute gazte lokalek gaurko gazteen egunekotasun eta aisialdian? Eta eguneroko bizitzan? Zer gai dira hobetu beharrekoak? Nola? Zer paper du horretan guztian funtsezko eragile bakoitzak? Prozesuan galdera hauek guztiak erantzutea da asmoa.

Lanketa egiteko gai honetan inplikatuta dauden eragile guztiak hartuko ditugu kontuan: gazteak, bizilagunak, lokaletako jabeak eta baita adingabekoak diren gazteen gurasoak ere. Guztiekin lan egingo dugu, bakoitzak baduelako zer esana prozesu honetan. Guztiak animatzen ditugu parte hartzera, gaiak landuz eta egoeraren inguruan hausnarketa egin dezaten gonbidatuz, adostasunak bilatuz eta etorkizunerako oinarri sendoak zehaztuz.

Prozesu honetan 4 bilera egingo dira:
 Martxoak 26, asteazkena: Gazteekin lan egingo da bilera honetan.
 Martxoak 27, osteguna: Bizilagunen txanda izango da.
 Apirilak 2, asteazkena: Lokaletako jabeekin landuko dugu gaia.
 Apirilak 9, asteazkena: Gazte lokaletan ibiltzen diren adingabekoen gurasoen txanda izango da.

Bilera guztiak arratsaldeko 18:30etik 20:30era egingo dira. Lekuari dagokionez, berriz, gazteena, jabeena eta gurasoen bilerak, Eizu gaztelekuan egingo dira eta bizilagunen bilera berriz, Udaletxeko batzar aretoan.

IZENA EMATEA
Bileretan parte hartzeko izena aurrez ematea eskatzen dugu, izan ere, bileren antolaketari begira, garrantzitsua izango da aurretik jakitea zenbat pertsonekin elkartuko garen. Hala ere, bilerak irekiak izango dira eta pertsonaren bat izena eman gabe gelditzen bada, bileran parte hartzeko aukera izango du.

Martxoaren 17tik 21era eman beharko da izena eta ondorengo bideak erabili ahal izango dira:
 www.beasain.org web orriaren bidez: bertako “Gaur nabarmentzekoak” atalean dagoen ´Gazte lokalen prozesuko izen emate´ fitxa deskargatu, eskatzen diren datuak (izena, abizenak, adina, eragile mota, kontakturako telefono zenbakia, lokalaren helbidea...) bete eta gazteria@beasain.net helbidera bidali.
 Telefonoz: Udaleko gazteria sailera (943 02 80 66) deituta.

Gaurtik hasi eta hurrengo egunetan, gazte lokal guztietan gutunak banatuko ditugu, zuzenean bertako gazteak prozesuan parte hartu dezaten gonbidatuz. Bizilagunei begira, berriz, kartelak jarriko ditugu gazte lokalak dauden atari inguruetan, beraiek ere parte hartzera animatuz.

Beasaingo Udala hasita zegoen gai hau lantzen, iritziak jasotzen eta irtenbide puntualak martxan jartzen baina lanketa honekin gaia sakontasunean landuko dugu. Gazte lokalen prozesu hau maiatza bukaera alderako amaituta izatea da asmoa.

Udaletik gazteak, bizilagunak, lokaletako jabeak eta gurasoak animatu nahi ditugu prozesu honetan inplikatzera, izan ere, denon ardura da eremu honetan ere adostasunak lortzen jarraitzea eta bizikidetza osasuntsuak bermatzea. Gazteen lokalen prozesu honekin gainera, harremanak estutuko ditugu, elkarlana bultzatuko dugu eta ziur gaude, eraldaketarako abiapuntua ere izango dela.

Ficheros relacionados

 

Vigencia desde: 08/07/2014

 
Pza. San Martín Loinaz 1 - (20200). Tfno: 943028050
© Ayuntamiento de Beasain 2008
Accesibilidad- Aviso Legal- Protección de datos- Condiciones generales