Beasain


 
Hemen zaude: Hasiera > Berriak > Idazkaritza >

BEASAINGO UDALERRIAN BARATZEAK ESLEITZEKO ETA KUDEATZEKO ARAUDIA


BEASAINGO UDALERRIAN BARATZEAK ESLEITZEKO ETA KUDEATZEKO ARAUDIA

Proiektatutako baratzeak herritarren eskura jarritako eskaintza pedagogiko eta ekologiko gisa ezarri dira, herritar arruntei eremu publiko bat erabiltzeko aukera eman edo erraztuko diena, lurra landu eta lan horren emaitza gisa kontsumo pertsonalerako fruitu batzuk erdietsi ahal izateko.Baratze hauek aisialdiko eta ongizateko alternatiba modura proiektatu dira, eta baztertutako gizarte-sektoreak sozialki nahiz pertsonalki integratzeko aukera emango dute.Oro har, herritar guztiei zabalik dagoen jarduera bat da, baina esleitzeko orduan, gizartean premia handienean aurkitzen diren taldeei emango zaie lehentasuna.Baserriaren eta herriaren arteko lotura bat da, naturarekiko errespetua zabaltzeko, naturaren aberastasunak duen garrantzia balioesteko eta bizi garen lurralde honetan gure kulturak betidanik izan dituen erroak berreskuratzeko apustu bat.

I. KAPITULUA

PRINTZIPIO OROKORRAK

1.       Helburua

Araudi honen helburua da Beasaingo Baratze Parkeko lursailen erabilera, gozamena eta aprobetxamendua arautzeko beharrezkoak diren baldintzak ezartzea eta, halaber, baratze horien esleipen-prozedura, baratzetako laborantza-jarduera eta erabiltzaileen erantzukizuna arautzea.

 

Herritarren artean ingurumen-heziketarako eta partaidetzarako balio batzuk sustatzea, eta aldi berean, bizimodu aktibo bat erraztea.

Gizarte izaerako proiektu iraunkor baten oinarriak finkatzea eta hori garatu dadila sustatzea, eta horrekin batera, herritarren arteko harremanak sustatuko dituen esparru egoki bat sortzea.

Premian edo larritasunezko egoeran aurkitzen diren kolektibo edo pertsonei beren kontsumo pertsonalerako erabiliko dituzten elikagaien laborantzarako eremu arautu bat eskaintzea.

Baratze Parkea-ren erabiltzaileen arteko lankidetza aukera eskaintzea.

Tokian tokiko laborantza modu gisa nekazaritza ekologikoaren irizpideak eta jarraibideak zabaltzea eta praktikan jartzea.

Baratze-espezie tradizional autoktonoak ekoitzi eta berreskuratu daitezela erraztea.

Kontsumo-kultura iraunkorrago bat sustatzea eta horretarako beharrezkoak diren baliabideak herritarren esku jartzea.

Nekazaritza ekologikoari buruz, konpostaren ekoizpenari buruz, euri-uraren aprobetxamendu-sistemei buruz eta abarri buruz beharrezkoa den heziketa ahalbidetzea.

Ikastetxeei alternatiba bat eskaintzea ingurumen-heziketarekin loturiko balioak gazteen artean zabaltzeko, ekimen honen inguruko jarduerak eginez.

 

 

 

2.       Aplikazio-eremua

 

Araudi hau Beasaingo Udalak alokairuan dituen eta behin-behinekoz nekazaritza-erabilera izendatzen zaien lursail guztietan aplikatuko da, baita horiei atxikitako zuzkidura osagarrietan ere, guztiak ere udalerriko baratze-gunearen barruan bilduak.

 

3.       Definizioak.

 

a.-     Erabiltzailea:Lizentziaren titularra edo esleipenduna:Lagatzen den ondasuna erabiltzeko edo aprobetxatzeko eskubidea jasotzen duen pertsona fisikoa edo juridikoa. Hemen interesa duten ondorioetarako, baratzearen gaineko lagapenaren onuraduna.

b.-    Fruituak:Baratzearen erabileratik lortzen diren etekinak, hau da, ereitetik eta lur-lanketaren ondorioz lortutako produktuak, nola baitira barazkiak, frutak, lekariak eta abar.

c.-     Elementu komunak:Baratzetako lurzatiaren elementu propioak edo ezarritakoak dira eta erabiltzaile batzuk edo guztiek erabiltzen dituztenak, hala nola, pasabideak, itxiturak, hodiak, deposituak, mugatzeko jarritako pibotak eta abar.Era berean, elementu komuntzat jotzen dira laborantzako lanabesak eta erabiltzaileen esku jartzen diren gainerako tresnak.

d.-    Erantzukizuna:Baratzeen erabiltzaile bakoitzak bere gain hartua duen erantzukizuna, nork berea eta erabiltzen duen lursail zatiaren araberakoa.

e.-     Baratze ekologikoa:Bakoitzak duen lursail zatia, eta zati horren gainean eratzen da erabili, gozatu eta aprobetxatzeko erabiltzaile bakoitzak duen eskubidea; aisialdirako baratze ekologiko ere deitzen zaie.

f.-    Lurzatia: Baratzeak kokatuta dauden lursaila.

g.-     Familia-unitatea. Etxebizitza berean izatez eta zuzenbidez elkarrekin bizi diren pertsonak, alegia, bi ezkontideak edo izatezko bikotekideak (edo horietako bat, alargunduta, bananduta edo dibortziatuta egonez gero) eta adingabeko seme-alabak, etxebizitza berean bizi badira.

h.-    Interes-taldeak:

 

    1. Beren ezaugarri bereziak direla eta, beste batzuen aldean gizarte-egoera ahulagoa duten pertsonek, hala nola langabetuak, RGI-hartzaileak, ezgaituak.
    2. Interes berezikotzat hartzen diren kolektiboak, esaterako, irabazi asmorik gabeko elkarteak, baratze sozialeko erabilerarako Udalarekin hitzarmena duten fundazioak, eskolak eta abar.

 

4.       Erabiltzaile-Komunitat eraketa.

 

Behin betikoz esleipendun diren pertsonak derrigortuta egongo dira, batetik, baratzeak kudeatzeko Erabiltzaile-Komunitate bat eratzera eta, bestetik, Zuzendaritza Batzorde bat izendatzera, elkartearen interesak kudeatuko eta ordezkatuko dituen ordezkaritza-organoaren lanak egingo dituena, batzar nagusiaren xedapen eta jarraibideekin bat etorriz.

Zuzendaritza Batzordearen barruan ondorengo kideak izango dira: lehendakaria, lehendakariordea, idazkaria, diruzaina eta gutxienez bokal bat eta gehienez hiru bokal.Eta bere eginkizunetako bat, udalarekin eta Baratze Parke Sarea proiektuko beste eragile batzuekin bitartekari-lanak egitea izango da.

 

 

 

5.       Lagapen-epea

 

Lursailaren aprobetxamendua edo/eta erabilera eta beraz, udal-lizentzia urtebeteko epez emango da, eta epe hori gehienez hiru urte arte luzatu ahal izango da.

Luzapenak hitzartuta daudela ulertuko da baldin eta aldeetako baten aurreabisurik ez bada jasotzen emakida edo horren ondoz ondoko luzapenak amaitu baino hilabete bat lehenago.

Esleipendunak baratzea utzi egin beharko du lizentzia-epea amaitu aurreko hilabetean, garbia eta hurrengo esleipendunak lantzeko prest.

 

6.       Erabilera-printzipio orokorrak.

 

1. Zaintzeko eta mantentzeko printzipioa: Baratzeetako erabiltzailearen betekizun nagusia izango da lagatzen zaion lursaila modu egokian zaindu eta mantentzea, eta behar bezalako arreta edukitzea hura erabiltzean, baratzeak osasuntsu, apain  eta landuta mantenduz.

2. Errespetu-printzipioa instalazioak erabiltzean: Baratze bat lagatzen zaion pertsona orok ahalegina egin beharko du gainerakoei eragozpen, kalte edo galerarik ez eragiteko.

3. Salerosketarik ez egiteko printzipioa: Baratzeen lagapen-hartzaile guztiek debekatua izango dute baratzetako produktuak xede komertzialerako edo ustiapen ekonomikorako erabiltzea.

4. Auto-hornikuntzaren printzipioa: Baratzeak lantzetik sortzen diren produktuak erabiltzaileak edo haren familia-unitateak bakarrik kontsumitu ahal izango dituzte, eta ezin daitezke erabili etekin ekonomikorik jasotzeko.

5. Ingurumen-prebentzioaren printzipioa: Baratzeen erabileraren onuradunak diren pertsonek ez dute erabiliko lurrari kalte larririk eragin diezaiokeen ongarririk edo produktu fitosanitariorik, lurra bera edo egon litezkeen akuiferoak kutsatu baititzakete; beraz, lursailaren laborantza ekonomikoaren gaineko araudian azaldutako termino zehatzei jarraitu beharko zaie.

 

7.       Erregimen aplikagarria eta erregulazioa

 

1. Baratzeak ustiatzeko erabilera-baimena eskatzaile guztien arteko lehiaketa bidez esleitu beharko da. Nolanahi ere, Beasaingo Udalak 3h) art.-an aipatutako interes-taldeentzat bereziki xedatutako lurzati batzuk gorde ahal izango ditu.

2. Baratze komunitarioen esleipenari, jabetzari eta gozamenari aplikatuko zaion erregimena Araudi honetan aurreikusten dena izango da.

3. Subsidiarioki, Herri Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legean jasotako arauak aplikatuko dira, baita toki-entitateen Ondasunen Araudikoak ere.

8.       Erabiltzaile eta 3h) art.-an adierazitako interes-taldeentzat emate-titulua

 

Lizentziak ematen duen baratzearen erabilerarako eskubidea lagatu ezina da, eta bere lagapenerako ezarritako baldintzak betetzen diren bitartean bakarrik izango du eragina.Erabiltzaileak ezingo ditu, inola ere, lizentziak emandako baimenaren erabilerari lotutako eskubideak laga, zergapetu edo doan edo kostubidez eman.Eskubide horiek ezingo zaizkio beste inori inola ere eskualdatu.

Lagatako lizentziaren titulua «prekarioan» izango da erabiltzailearentzat, eta Udalak, interes publikoko kausa justifikatuak badaude, edozein unetan kendu ahal izango dio lizentzia edozein erabiltzaileri, Udalaren aldetik inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izan gabe.

 

Interes publikoko kausa justifikatuak izan daitezke, «baratzeak» programa ordezkatzen duen edo harekin bateraezina den beste edozein udal programa onartzea, edo, baita ere, Udalak edo beste edozein Herri Administraziok hiri edo azpiegituren garapenerako edozein plan onartzea, baldin eta plan horrek berekin badakar baratzeetarako xedatutako lursailetan edozein zuzkidura publiko ezartzea. Kasu horietan, aipatutako planaren onarpenarekin batera, lursailak erabiltzea ahalbidetzen duten tituluen balioa indargabetuko da, inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izan gabe.

 

Organo eskudunak, aipatutako lizentziak indargabe utz ditzake, lizentzian ezarritako baldintzak betetzen ez badira edota araudi honetan eta ezarritako prozeduraren arabera adjudikaziodunek betebeharrekoak gauzatzen ez badira.

 

9.       Baratzeen programaren funtzionamendurako jarraibideak

 

Alkateak baratzeen programako jardueren alderdi orokorrei nahiz zehatzei buruzko jarraibideak eman ahal izango ditu, esaterako, lan egiteko erak, ordutegiak, labore-motak eta abar izaera orokorrez edo bereziz zehazteko. Baratzeen erabiltzaileek derrigor bete beharko dituzte jarraibide horiek eta, baita ere, Alkatetzak, Zinegotzi delegatuak edo horren ardura duten Udaleko langileek gai horren beraren gainean erabiltzaileei egiten dizkieten ahozko ohartarazpenak.

 

 

II. KAPITULUA

 

ESLEITZEKO PROZEDURA

 

10.   Onuradun izateko baldintzak

 

Baratzeak erabiltzeko lizentzien onuradun izan daitezke Beasaingo udalerrian erroldatuta dauden pertsonak baldin eta herrian benetan bizi badira gutxienez esleipen-deialdiaren iragarpena argitara eman baino 2 urte lehenagotik (kontsekutiboak izan beharrik gabe), eta, gainera, honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Baratzean garatuko diren nekazaritza eta laborantza jarduerak egiteko fisikoki gai izatea.

Adingabeen eskabideek aitaren, amaren edo tutoreen abala dutela aurkeztu beharko dira, eta pertsona helduak izango du erantzukizuna, Araudi honen ondorioetarako.

b) Beasaingo Udalaren zerga-betebehar eta gainerako ordainketa guztiak egunean edukitzea.

c) Beste baratze baten erabiltzaile den familia-unitateko kidea ez izatea.

d) Eskatzaileak edo bere familia-unitateko kideren batek ez edukitzea, ez jabetzan, ez gozamen-eskubidean edo alokairuan nekazaritza-jarduerarako egokia den izaera landatarreko lursailik, Goierri eskualdean.

e) Zigorrik ez izatea lehenago beste baratze ekologiko baten jabe izan delako, Araudi honetan aurreikusitako arau-urraketa bat dela medio.

 

Betekizun hauek betetzeaz salbuetsita egongo dira, 3h) artikuluko 2 idatzi-zatian aipatutako kolektiboak.

 

 

11.   Lizentziak emateko prozedura

 

Udalak, 3h) artikuluko 2 idatzi-zatian aipatutako kolektiboarentzat, baratze kopuru bat gordeko du.

 

Gainerako plazak esleitzeko, Udalak beretzat gordetzen du, baratze hauek esleitzeko orduan, egoera ekonomiko larriago batean aurkitzen diren bizikidetza-unitateei lehentasuna emateko eskubidea.Azken kasu horretan, Udaleko gizarte-zerbitzuen txosten egokia eskatuko da.Udaleko gizarte-zerbitzuen bitartez baratzea esleitzeko ezartzen diren irizpideak bizikidetza-unitatearen diru-sarrerak eta hori osatzen duen pertsona kopurua izango dira.

Baratzeen esleipenean interesatuta dagoenak eskabide bat aurkeztu beharko du Udal Erregistroan, horretarako inprimaki ofizialari jarraiki.Eskabidearekin batera, inprimaki normalizatu horretan eskatzen diren agiriez gain, ondorengo dokumentazioa ere aurkeztu beharko du:

a) NANaren edo horren ordezko den beste lege-agiri baten fotokopia.

b) Aurreko artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak edo zinpeko aitorpena.

Udalak ofizioz egiaztatuko du erroldatze eta erresidentzia benetan bi urtetik gorakoak direla, arau-hausterik batere ez dagoela eta Udalaren zerga-betebeharretan edo beste mota bateko betebehar guztietan egunean dagoela.

Herritar guztiei irekitako deialdi baten bitartez aurkeztuko du Udalak ekimen hau, eta parte hartu ahal izateko baldintzak eta horren ezaugarriak azalduko dira bertan.Une horretatik aurrera, ekimen honetan parte hartu nahi duten pertsona guztiek eskabide formal bat aurkeztu beharko dute Udaletxean, eta Udalak hartzen den erabakia jakinarazteko obligazioa izango du.

 

12.   Eskumena eta prozedura

 

Lizentziak emateko prozedura Alkatearen ebazpenarekin amaituko da.

 

Deialdi publikoa egingo da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, Udalaren webgunean eta Iragarki Taulan argitaratutako iragarkien bidez eta gutxienez hamar egun naturaleko epea ezarriko da eskabideak aurkezteko. Ondoren, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko da, baremazioa eta erreserbarako daudenen izenak gehituta, eta zerrenda hori Iragarki Taulan eta Beasaingo Udalaren webgunean argitaratuko da.

 

Interesdunek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte gehienez bost egun naturaleko epean. Epe hori amaituta, eta jasotako erreklamazioak ebatzita, onartu eta baztertuen behin betiko zerrendaren ebazpena egingo da, baremazioa azalduta. Baremazioan berdinketarik baldin badago, jendaurreko zozketa egingo da, zozketako data behar bezala iragarri ondoren.

 

Behin balorazioa eta, behar izanez gero, zozketa eginda, esleipendunen zerrenda eta erreserben behin betiko zerrenda Udaletxeko Iragarki Taulan eta udalaren webgunean argitaratuko dira.

 

13.   Esleipena eta ordezkoen zerrenda

 

Esleipendunei ematen zaien lizentziak argi azaldu beharko du zein diren baratzearen xedea, definizioa eta kokapena, erabiltzailearen eskubide eta betebeharrak eta lizentziaren indarraldia.

Eskabidea gutxi balioetsi zaielako baratzeren bat esleitzeko lizentziarik eskuratzerik izan ez duten pertsonak, jasotako balorazioaren arabera, ordezkoen zerrenda batean sartuko dira, baratze mota bakoitzaren barruan lortu duten balioespenaren arabera. Ordezkoen zerrenda hori bajak betetzeko erabiliko da baldin eta lizentziaren bitartez jasotako eskubidea nahita edo ezinbestez galtzen bada edo eskubide horri uko egiten bazaio; kasu horietan, hurrengo hautagaiari deituko zaio, aipatutako zerrendan duen ordenaren arabera, lizentzia indarrean dagoen epearen barruan eta laborantzarako aldi emankorraren barruan.

Baratzearen erabilera baimentzen duen lizentzia esleitu ondoren, adjudikaziodunak autolikidatu egin beharko du urteko kuotaren kopurua eta bermeari dagokion zenbatekoa jarri, esleitutako lizentzia jaso ahal izateko. Esleipenerako epea igaro ondoren itzuli egingo da bermea, baldin eta denboraldi berri horretarako beste baratze baten esleipendun izan ez bada.

 

3h) artikuluan aipatutako interes taldean edozein ordainketa egitetik eta fidantza aurkezteko eginbeharrez salbuetsita egongo dira.

 

14.   Baremazio-irizpideak

 

Baremazio-irizpideak dagokion lehiaketaren deialdian zehaztuko dira.

Lurzatiak esleitzeko baremazio-irizpideak finkatuko dituzten printzipio nagusiak.

Beasaingo Baratze Parkean era guztietako jendea bil dadila sustatuko da.

Berdintasunaren ikuspegitik, ordezkaritza justua bermatzeari begira, eskatzaileen sexu-proportzio berdinetan egingo da emakida, bai lehentasuna izango duen taldearen barruan eta bai gainerako taldeetan ere.

Kultura eta hizkuntza aldetik ere dibertsitatea sustatzeari begira, irizpide iraunkorrak barneratuko dira baratzeak abian jarri ondoren, eta horretarako, jarduera desberdinak antolatuko dira.

Baratzeak hiru taldetan sailkatuko ditugu:

Talderen batean lurzati guztiak betetzen ez badira, beste talde batzuei irekiko zaizkie.

1. TALDEA:

Lurzatien % 30, 3h) artikuluko 1 idatz-zatian aipatutako interes-taldeei esleituko zaizkie.

2. TALDEA:

Lurzatien % 35a, 3h) artikuluko 2 idatz-zatian aipatutako interes-taldeei esleituko zaizkie.

3. TALDEA:

Lurzatien % 35a gainerako herritarrei esleituko zaizkie.

 

Lurzatiak ondorengo puntuazioaren arabera esleituko dira:

1. TALDEA: 3h) artikuluko 1 idatz-zatian aipatutako interes-taldean dauden pertsonen kasuan

·         Familia-unitateko kide guztiak langabezian egotea:

                              4 puntu.

·         Familia-unitateko kideren bat langabezian egotea:

                              2 puntu.

·         Familiaren diru-sarrerak, 0 eta 12 puntu artean, ekitaldi honetarako gizarte-zerbitzuen alorreko laguntzetarako xedatutakoaren arabera.

2 puntu.

 

2. TALDEA: 3h) artikuluko 2 idatz-zatian aipatutako interes-taldeen kasuan

·         Baliabide gutxi dituzten edo premia bereziak dituzten pertsonekin lan egiteko helburu soziala duten elkarteak

               3 puntu.

·         Ingurumen-helburuekin loturiko helburu soziala duten elkarteak:

              2 puntu.

·         Udalarekin hitzarmena izatea

2 puntu

 

3. TALDEA: Gainerako herritarren kasuan

·         % 33ko elbarritasuna edo handiagoa duten pertsonak

2 puntu

·         Familia-unitatearen diru-sarrerak balioetsiko dira.

 

 

 

15.   Lizentziak eskualdatzea eta iraungitzea

 

Baratzeak erabiltzeko eskubidea ematen duten lizentziak:

 

a) Ezin zaizkio hirugarren bati eskualdatu.

 

b) Epea betetzean iraungiko dira.

 

c) Ezeztatu edo baliogabetu ahal izango dira:

1.       Bi aldeak ados jarrita.

2.       Ebazpen judizial baten bitartez.

3.       Esleipendunak uko egiteagatik.

4.       Araudi honetan edo dagokion lizentzia ematen duen ebazpenean jasotako betebehar eta xedapenak ez betetzeagatik, aurrez interesatuari entzuteko aukera eman eta espedientea izapidetu ondoren.

5.       Langabetuek urtea bukatu aurretik (abendua) langabezia-egoeran jarraitzen dutela frogatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute Udaletxean.Bere lan-egoera aldatzen bada,  baratzea utzi egin beharko dute eta itxarote-zerrendara igaroko dira.

6.       Baratze horiek kokatuta dauden eremurako aurreikusitako antolamendu xehakatuko agiriak onesten direnean.

 

Lizentziak indargabetzen badira, Udalaren partetik ez da inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izango.

 

Esleipenduna hiltzen bada, emakida iraungita geratuko da eta haren ondorengoek ez dute inolako eskubiderik izango.Udalak ikusten badu esleipen-aldian pertsona horrek baratzea egoki kudeatu duela, haren alargunari utziko dio baratzearen erabilera, horretarako eskabidea egina izanez gero, baina nolanahi ere Udalak onetsi egin beharko du.”

 

 

 

 

 

 

 

 

III. KAPITULUA

 

ERABILERA-BALDINTZAK

 

16.   Erabilera-arauak

 

1. Baratzeak erabiltzeko baimenen onuradunek honako erabilera-arau hauek bete beharko dituzte:

 

- Administrazio-baimenean zehazten diren landare-espezieak landatzeko erabiltzea.

- Nekazaritza ekologikoaren irizpideak erabiltzea, eta norberaren haziak edo jatorri ekologikoko landareak edo haziak erabiltzea (hobe tokikoak bertakoak badira).Ongarri organikoak bakarrik erabili ahal izango dira.

 

 

PRODUKTUAK EDO LANAK

DEBEKATUTA DAUDE

BAIMENDUTA DAUDE

ONGARRIAK

~ Sintesiko ongarri organiko guztiak (Europan saltzen diren guztiak) eta produktu kutsatuekin egindako konpostak (lastoak, simaurrak, pestizida eta herbizidekin tratatutako belar eta ongarri organikoak).~ Prozedura kimikoen bitartez lortutako ongarri mineral guztiak (nitrogenatuak, fosfatatuak, potasikoak, magnetikoak eta abar).

~ Zizareen humusetik eratorritako ongarriak, konpostatutako simaurrak (konpostajea hartzidura aerobikoko prozesutzat hartuta), ongarri berdeak eta ongi deskonposatutako uzten hondarrak, eta kutsatu gabeko hondakinekin egindako konpostak.~ Jatorri naturaleko ongarri mineralak (txikitutako fosfato naturalak, silizeen hautsak, kareharri txikituak, dolomitak eta abar).

TRATAMENDU FITOSANITARIOAK

~ Intsektizida, fungizida eta akarizidak eta sintesi kimikotik eratorritako beste pestizidak edo produktuak erabiltzea.

~ Substantzia natural mineral, begetal edo animalienetan oinarrituta sortutako fungizidak (Bordeleko salda, Borgoinako salda eta abar).~ Landareekin egindako produktuak (beratzeak, infusioak, egosketak, gernuak).

BELAR TXARRAK

~ Debekatuta dago edozein sintesiko herbizida kimiko erabiltzea.

~ Belar lehiakorren kontrolerako metodo biologikoak erabil daitezke (estaltzaile organikoak, jorrai naturala edo erdi-eskuzkoa, zapalda sakoneko laborantza).

HAZIAK ETA LANDAREAK

~ Genetikoki aldatutako mota eta klase guztietako organismoak (transgenikoak).

~ Nekazaritza biologikotik eratorritako barazki, sustrai, erraboil, tuberkulu eta hazien erabilera.~ Produktu horien erabilera, ohiko laborantzetatik etorri arren, produktu kimiko sintetikoekin landu ez badituzte.

 

- Erabiltzeko utzi diren lursaila, instalazioak, lanabesak eta tresnak arretaz zaintzea.

Baratzeen erabiltzaileek nekazaritzarako behar dituzten lanabesak mailegutan jasotzen badituzte, behar bezala erabili eta zaindu beharko dituzte, ez hondatzeko.Modu okerrean erabili izanaren ondorioz kaltetu edo hondatu diren ondasunak eta tresnak konpondu edo berritu egin beharko dituzte, baita galdu egiten badituzte ere.

Lanabesak gortzeko lekuak garbi eta egoera onean mantendu beharko dira.

- Jardueraren arduradunek emandako jarraibideak uneoro errespetatzea.Jardueraren inguruan ematen zaizkien arauak errespetatzea, urasketako uraren, ongarrien, lanabesen eta, oro har, uzten zaizkien elementu guztien erabilerari dagokionez.

- Uneoro gizalegezko jokabidea izatea, eta baratzeen gainerako erabiltzaileekiko begirunea erakustea, enbarazurik ez egitea, eta horiei kalteak edo zauriak eragin diezazkiekeen tresnarik ez erabiltzea.

- Jatorriz utzitako lursailaren egitura eta azalera bere horretan mantentzea; ez da inolako obrarik edo itxiturarik egin ahal izango, eskumena duen udal-organoak aldez aurretik horretarako baimena ematen ez badu.

- Jardueraren teknikari arduradunei baratzeei, instalazioei nahiz utzitako materialari eragiten dieten gertakari, lapurreta, arazo, kalte edo hondamen oro jakinaraztea, hura beste erabiltzaileren batek nahiz kanpoko norbaitek eragin.

- Erabiltzeko baimena amaitzean, lursaila garbi eta hutsik uztea.Baratzeak esleipendunek jaso zituzten antzeko egoeran itzuli beharko dira.Aurreikusitako erabileraren ondorioz, instalazioetan ohi baino hondamen handiagoak sortuz gero, erabiltzaileek horiek jatorrizko egoerara bihurtu edo gauzak berritu beharko dituzte; erabiltzaileren batek betebehar hori betetzen ez badu, Udalak egin ahal izango du zuzenean, eta, gero, Administrazioak kasu horietarako duen ahalmena erabili ahal izango du, hari ordainarazteko.

- Erabiltzez bukatzean, lanabesak itzultzea. Maileguan jasotako lanabesak eta gainerako tresnak garbi eta egoera onean itzuli beharko dira, eta zer edo zer hondatuz gero, jakinarazi egin beharko da.

- Baratzeetan materialak edo lanabesak ez uztea edo pilatzea, lurra lantzeko ezinbestekoak badira salbu.

- Ureztapena baratzeen instalazioetan erabiltzaileen eskura jarritako bitartekoak erabiliz egitea. Erabiltzaileek ureztatzeko ura alferrik ez galtzen saiatu beharko dute, baita ur erabilgarriaren neurriz kanpoko kontsumoa eragiten duten ureztatze-metodoak ez erabiltzen ere. Era berean, debekatuta egongo da horretarako egokitutako lekuetatik kanpoko ura ekartzea, erabiltzaileak hura etxetik edo iturri publikoetatik ontzietan ekartzen badu salbu. Udalak baratzeen erabiltzaileek ura erabiltzeagatik ordaindu beharreko tasa edo kanon bat ezarri ahal izango du, hornidura-kostuak aintzat hartuta.

- Baratzeak landu edo erabiltzeari ez uztea. Esleipendunak garaiz egin beharko ditu baratzea lantzearen inguruko jarduera guztiak, eta hura erabiltzeko eskubidea galduko du, arrazoi justifikaturik gabe, hura bertan behera utzi duela atzematen bada. Baratze bat bertan behera utzi dela ulertuko da bertan landatutako laboreak zaindu gabe daudela nabarmena bada, azaleraren % 50 basa-landareek hartuta badago, edo bertako izurri eta bizkarroien ugaritasunak aldameneko lursailetako laboreei kalte egin badiezaieke.Baratze bat bertan behera utzita dagoenean, erabiltzaileak —ohartarazi ostean— zazpi egun naturaleko epea izango du hura egokitzeko. Hala egin ezean, soildu egingo da baratzea, eta erabiltzaileak ez du inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izango. Baratzea lantzeko aldi baterako ezintasun-kasuan, erabiltzaileak lehenbailehen jakinarazi beharko die egoera jardueraren arduradunei.

- Lursailaren erabilerari dagozkion zereginak norberak egitea, ezinbesteko kasuetan salbu; horrelakoetan, behar bezala egiaztatu beharko da Udalaren aurrean. Nolanahi ere, lizentziaren titularrak senitartekoen laguntza jaso ahal izango du baratzea landu eta mantentzeko orduan; dena den, galarazita egongo da esleipendunaren lekuan beste inor subrogatzea.

- Baratzeen kudeaketaz arduratzen den erakundeak programatutako beste erakunde batzuekiko lankidetza-proiektuetan parte hartzea.

- Baratze bakoitzean zuzenean edo baratze guztiei zerbitzu ematen dieten konpostatzeko lekuetan konpostatzeko betebeharra ezarri da.

2. Baimenaren titularrak erabilera-arau horietakoren bat betetzen ez badu, Udalak bertan behera utzi ahal izango du hura.

 

17.   Berariazko debekuak

 

- Lurzorurako txarrak diren landareak landatzea.

- Aldaketa transgenikoak izan dituzten espezieak erabiltzea.

- Etxolen, fatxaden edo barrualdeen egitura aldatzea (iltzeak jartzea, zulatzea, pintatzea eta abar).

- Esekilekuak edo inguruaren itxura aldatzen duen beste edozein elementu eraikitzea edo jartzea.

- Edozein motatako ibilgailuak sartzea, honako hauek salbu: haurren kotxeak edo gurpildun aulkiak, edo lagapen-hartzaileen mugikortasuna errazteko xedea duten beste batzuk.

- Baratzeen barruan animaliak eraman edo paseatzea.

- Su egitea edo erabiltzea, haren helburua dena dela.

- Guztiz debekatuta dago legez kanpoko landareak eta/edo landare psikotropikoak landatu edo ereitea.

 

18.   Ordutegia

 

Esparrua irekitzeko ordutegi jakin bat ezarriko da, eta baratzeen erabiltzaileei haren berri emango zaie.

Baimenen onuradunei dagokien erabilera xede horretarako ezarri den ordutegiaren barruan gauzatu beharko da.

Nolanahi ere, baimenak edo eskumena duen organoak gerora emandako egintzak finkatutako ordutegia aldatu ahal izango du, kasuan kasuko arrazoiak direla eta.

 

 

19.   Hondakinen tratamendua

 

Baratzeen erabiltzaileak lursaila garbi mantentzeaz arduratuko dira, eta, horretarako, hondakin organikoak konpostategian utzi beharko dituzte, horiek modu egokian deskonposa daitezen.

Gainerako hondakinak Udalak xede horrekin jarritako edukiontzian edo tokian bakarrik utziko dira.

 

20.   Ureztatzeko baldintzak

 

1.         Baratzeen titularrek beren eskura jarritako ureztatze-sistema erabili beharko dute, hau da, ur-askako urarekin ureztatu beharko dute, ureztagailuak erabiliz.

2.         Ezin izango da beste elementurik erabili, eta debekatuta dago ihinztagailuak edo ura aldameneko baratzera bota dezaketen elementuak erabiltzea.

3.         Debekatuta dago ur-hargunea irekita uztea, behar baino ur gehiago gastatzea edo ezohiko ur-kontsumoa eragiten duten ureztatze-metodoak erabiltzea; hori errespetatzen ez bada, lizentzia gal daiteke.

4.         Debekatuta dago baratzeak ureztatzeko ura horretarako prestatuta ez dauden lekuetatik ekartzea.

 

21.   Guztien erabilerarako erremintak

Kutxa Ekoguneak guztien erabilerarako erremintak helaraziko dizkio erabiltzaileen Elkarteari. Urtero, Elkarteak hasierako inbentarioa mantentzen dela berretsi beharko dio Udalari, eta, beraz, Elkarteak falta diren edo hautsita dauden erremintak ordezkatu, eta hondatuta dauden erremintak konpondu beharko ditu.

 

22.   Mantentze- eta finantzaketa-gastuak

 

1.         Baratzearen erabiltzaileak bere gain hartu beharko ditu, lizentzia indarrean den denboraldi osoan zehar, baratzearen laborantzak eragindako gastuak, hala nola, ongarriak, ereindako landareak eta laborantzarako beharrezkoak diren gainerako guztiak, eta landaketa ekoizteko moduan eta behar bezala zainduta mantendu beharko du.

 

2.         Erabiltzaileek nahitaez ordaindu beharko dituzte baratzeen erabilerak edo erabiltzaileen komunitateak eragindako kostuak ordaintzeko jartzen zaizkien karga guztiak (tasa, kanonak eta abar), Udalak Zuzenbideari jarraiki eta behar bezala justifikatuta onartu baditu.

 

3.         Udalak kanon bat aplikatuko du baratzearen laborantzagatik, baita fidantza bat ere, udal-jabari publikoko eremuaren erabilera egokia bermatzeko:

 

                      a) Baratze bat urtebetez erabili ahal izateko kanona:

                              Kanona 10 €-koa izango da baratze eta hilabete bakoitzeko, eta 3h) artikuluan aipatutako interes taldeek ez dute kanona ordaindu beharrik izango.

 

                      b) Fidantza. Fidantza bat ordaindu behar da, udal-eremu publikoaren erabilera zuzena bermatzeko, 100 €-koa.

 

                           3h) artikuluan aipatutako interes taldeek ere ez dute hau aurkeztu beharrik izango.

 

 

Oro har, baratzea erabiltzeko baimena ematen duen udal-lizentzia eskuratzen den unean bertan ordainduko dira lehen urteko kanona eta fidantza.Hurrengo urteetan, kanona baimenaren lehen urtea amaitu baino lehen ordaindu beharko da.

 

4.    Ur-kontsumoari dagozkion fakturak igorriko dira. Esleipendun bakoitzak izandako kontsumoaren arabera ordainduko du faktura, Erabiltzaile-Komunitatearen bitartez.

 

 

 

 

IV. KAPITULUA

 

ERANTZUKIZUN-ERREGIMENA

 

23.   Erantzukizun-erregimena

 

1.- Erabiltzaileak izango dira lursailak erabili eta gozatu bitartean beren buruari edo beste pertsona batzuei eragindako kalteen erantzule, horrelakorik gertatuz gero.Udala ez da, inola ere, elkarri edo beste pertsona batzuei eragindako kalteen erantzule izango.

Lursailak erabiltzeko baimenak eskuratzeko deialdian eskabidea egiten bada, eskaera-egileek jarduerak eragindako arriskuak bereganatzen dituztela esan nahi du, eta Udalak ez du erantzukizunik izango kalte materialak gertatuz gero, edo erabiltzaileek nahiz horien laguntzaileek, erorketen, istripuen, kolpeen edo antzekoen ondorioz, kalte pertsonalak jasaten badituzte.

 

2. Baimenaren titularrak bere gain eta ausaz erabiliko du lursaila.Udala ez da izango fenomeno meteorologikoak direla eta (kazkabarra, uholdeak...) baratzeetan sor daitezkeen kalteen erantzule.

3. Udalak ez du erantzukizunik bereganatuko baratzeetan kalteak, lapurretak eta ekintza bandalikoak gertatzen badira.Era berean, ez du hura zaintzeko ardurarik izango.

 

4. Udalak ofizioz abiarazi ahal izango du baratzeen esleipendunek, erru edo arduragabekeria larrien eraginez, izan ditzaketen erantzukizunak argitzeko prozedura.

 

 

24.   Kalte-galerak ordaintzea

 

1. Aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera, erantzuletzat jotzen diren erabiltzaileek kalte-ordainak ordaindu beharko dizkiete sortutako kalteek edo zauriek eragindako pertsonei.

 

2. Erantzukizun hori erabiltzeko utzi diren instalazioen kalteengatik sortu bada, Udalak baliatuko du kalte-ordaina erreklamatzeko eskubidea, administrazio-zuzenbideko arau aplikagarriak aintzat hartuta.

 

3. Kalteak edo zauriak partikularrei eragiten bazaizkie, hau da, gainerako erabiltzaileei edo baratzerik ez duten pertsonei, horiek eskatuko dute erantzukizuna, legedia zibilean ezarritakoarekin bat etorriz.

 

 

 

 

V. KAPITULUA

 

DIZIPLINAZKO ERREGIMENA

 

25.   Arau orokorrak

 

1.    Baratzeen erabiltzaileek derrigor bete beharko dute Araudi honetan ezarritako guztia, eta, bertan, aurreikusten ez diren kasuetan, Tokiko Erakundeen ondasunei buruzko araudian xedatutakoa.

 

2. Araudi honetan ezarritakoaren aurkako jokaeraren bat, arau-hauste gisa tipifikatuta balego, Udalak zigortu egingo du.

 

3. Erabiltzaileek, dolu, erru, axolagabekeria edo ezjabetzeagatik, baratzeak kokatuta dauden lursailetan edo instalazioetan kalteren bat eraginez gero, edo baratzeen xede nagusiari edo horien araudiari kontra egiten badiote, horiek administrazioaren bitartez zigortuko dira, isun bidez, Araudi honetan jasotako terminoetan.

 

4. Zigorren kopuruari dagozkion graduazioak eta zehaztapenak honako irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

 

a) Eragindako kaltearen kopurua.

b) Arau-hausleak bereganatutako etekina.

c) Nahitasuna edo nahitasunik eza.

d) Urtebeteko epean, izaera bereko arau-hauste bat edo gehiago egitea, horiek ebazpen irmo bidez adierazi direnean.

 

5. Erabiltzaileen erantzukizuna nagusia edo zuzenekoa izan daiteke, arau-haustearen egileak beraiek badira, edo zeharkakoa, ekintzen egilea instalazioetatik kanpoko norbait denean eta ekintza horiek erabiltzailearen arduragabekeriagatik gertatu direnean, sartzea debekatuta zuten hirugarrenei sartzen uztegatik.

 

26.   Ikuskapena eta kontrola

 

1.- Udalak izendatutako teknikariek egingo dituzte ikuskapen- eta kontrol-lanak; horiek Araudi honetan arautzen diren gaien inguruko zaintza-, ikuskapen- eta kontrol-jarduerak gauzatu ahal izango dituzte.

 

2.- Teknikariez gain, udaltzainek ere egin ahal izango dituzte ikuskatze-lanak, eta baratzeetara joan ahal izango dira horien kudeaketan eztabaidak eta liskarrak sortzen badira, erabiltzaileen artean nahiz beste pertsona batzuekin.

 

3.- Baratzeen erabiltzaileek bertara sartzen utzi beharko diete pertsona horiei, eta horiek eskatzen dizkieten argibideak eman beharko dituzte, baratzeen kudeaketari, erabilerari eta ustiapenari dagokion jarraipena egin ahal izateko.

 

 

27.   Arau-hausteak

 

1. Jarrera arau-hausletzat joko da baratzeetako erabiltzaileek nahiz kanpoko pertsonaren batek egindako egintza oro, hark Araudi honetan edo aplika daitekeen beste edozein arauditan (Araudi honetan araudi hori ezinbestean bete behar dela jasotzen bada) esandakoa urratzen badu.

 

2. Arau-hausteak arin, larri eta oso larri gisa kalifikatuko dira, jarrera arau-hauslearen edo instalazioei eragindako kalteen intentsitatea edo erruduntasuna kontuan hartuta.

 

3. Aurrekoari kalterik egin gabe, honako jarrera hauek arau-hauste arintzat joko dira:

 

a) Baratzerako bereziki egokiak diren barazki-espeziak ez landatzea edo lantzea, Araudi honetan xedatutako terminoetan.

b) Kanpokoak diren pertsonei instalazioetara sartzen uztea, horiek familiako kideak, erabiltzaileari tarteka laguntzen dieten pertsonak, ikasleak edo baimendutako langileak direnean salbu.

c) Baratzeetan animaliak izatea.

d) Baratzeetan trakzio mekanikoko makineria edo ibilgailuak izatea.

e) Udalak bere teknikarien bitartez emandako baratzeen erabilerari buruzko argibideak ez betetzea.

f)Baratzeen erabiltzaileek izandako beste edozein jarrera, hura Udalak baratzeen erabiltzaileei Araudi honetan ezarritako betebehar eta zereginen aurkakoa bada,eta arau-hauste larri edo oso larritzat jotzen ez bada.

g) Udalak antolatutako prestakuntza-ikastaroetara ez joatea, behar bezala justifikatutako arrazoirik gabe.

 

4. Honako jarrera hauek arau-hauste larritzat joko dira:

 

a) Erabiltzeko utzi diren baratzeen mantentze-lanak ez betetzea, baratzeak kaltetu edo hondatu egin direnean.

b) Lursailean Udalak aldez aurretik baimendu ez dituen obrak edo aldaketak egitea.

c) Beste erabiltzaileek jasan beharko ez lituzketen eragozpenak sortzea.

d) Udalak baimendu gabe hirugarrenei baratzearen erabilera lagatzea.

e) Lurraren, zoruaren edo zorupearen narriadura eragin dezaketen espezieak edo landareak lantzea.

f) Baratzeetan baimentzen ez diren barbakoak, biltegiak edo bestelako elementuak instalatzea.

g) Belardiak edo baratzeetako laborantza-hondarrak erretzea, edo baratzeen barruan edozein su-mota piztea.

h) Urtebeteko epean bi hutsegite arin edo gehiago egitea.

 

5. Honako jarrera hauek arau-hauste oso larritzat joko dira:

 

a) Gainerako baratzezainei lesioak eragitea, edozein erabiltzailek edo harekin izandako beste pertsonaren batek egindako ekintzak direla eta.

b) Lurzorua kutsatzea.

c) Beste baratzezainen erabilera edo aprobetxamenduaren garapen arrunta saihestea.

d) Baratzeen funtzionamendu arrunta saihestea edo eragoztea.

e) Utzi diren instalazioak eta/edo lursaila bera larriki hondatzea.

f) Landatzea, ereitea, biltzea edo izatea debekatuta dauden landare exotikoak edo psikotropikoak ekoiztea.

g) Baratzeen ustiapenetik lortutako produktuak merkaturatzea.

h) Urtebeteko epean bi hutsegite larri edo gehiago egitea.

 

6. Lizentziaren titularrak hutsegite arin, larri edo oso larriren bat egiten badu, lizentzia baliogabetuko zaio eta ezarritako zigorra ordaindu beharko du, hurrengo artikuluan xedatutakoari jarraiki.

Baliogabetze horrek ez dio erabiltzaileari kalte-ordainak jasotzeko aukerarik emango. Arestian esandakoari kalterik egin gabe, erabiltzaileren baten jarrerak delitu-izaera badu, gertakariak eskumena duten agintari judizialei jakinaraziko zaizkie, eragin daitezkeen izaera penaleko erantzukizunak denak direla. Edonola ere, Udalak kaltetu dezaketen ekintza penal, zibil eta administratibo guztiak salatuko ditu.

 

 

28.   Zehatzeko eskumena duten agintariak

 

1.         Kasuan kasuko zigorrak jartzeko eskumena alkateari/presidenteari dagokio.

 

2.         Edonola ere, alkateak tokiko beste organo bati eskuordetu ahal izango dio gaitasun zigortzailea, tokiko jardunbideen legeari jarraiki.

 

 

 

 

 

 

 

Lotura erlazionatuak

 

Publikazio tartea: 2017/03/07-tik 2017/03/31-tara

 
Loinazko San Martin Plaza 1 - (20200). Tfnoa: 943028050
© Beasaingo Udala 2008
Erabilerraztasuna- Lege-informazioa- Datuen babesa- Erabiltzeko baldintzak