Beasain


 
Hemen zaude: Hasiera > Beasain > Ondarea >

Ondarea


Beasaingo ondareaz egindako inbentario hau, 2000. eta 2001. urteen artean egina izan da. Bertan jaso dira Beasaingo ondare higiezinaren elementurik aipagarrienak, hau da, historia, arkitektura, arkeologia edota arte arloetan garrantzirik handiena dutenak. Elementu erlijiosoak edota zibilak dira, herri-ondarekoak edota pribatuak, antzinakoak edo berriak, batzuek ongi gordeak eta beste batzuek suntsituak.

Ondareaz hitz egitean, erlijio-eraikinak eta arkeologi elementuak etortzen zaizkigu burura batez ere. Beasaingo kasuan, horiez gainera, ez gara ahaztu jauregia, errota, burdinola, zubia, Dolarea eta Belengo Andre Mariaren ermitak osatzen duten Igartzako monumentu-multzoaz. Beasainen, aipatutako guztiaz gainera, industri arkeologiako ondare garrantzitsua du: burdinolak, errotak, lixiba-putzua, eta nola ez, CAF enpresako eraikin-multzo konplexua. Herri-eraikinak ere ezin litezke albora utzi (zubiak, udaletxea, etab.) ez eta arte-lanak ere (Ur-bide eskultura, erretaulak, etab.).

Hala ere ordea, Beasaingo ondarearen atalik garrantzitsuena, edota ugariena behintzat, baserriek osatzen dute. Ugarienak izateaz gainera, egoerarik okerrenean dagoen multzoa dela esan behar da, izan ere, azken hamarkada hauetan, horietako asko desagertu egin dira eta beste asko hutsik daude, edota desagertzeko zorian, herri-gunetik urrunen diren auzoetan batez ere. Beste kasu batzuetan berriz, baserria zaharberritua izan den arren, lehengo arkitektura-ezaugarriak ez dira errespetatuak izan. Beraz, baserriek antzina-antzinatik dituzten hasierako ezaugarriak gorde eta iraunarazten ahalegin berezia egin beharko litzateke, oraindik zutik dirauten eta sakoneko aldaketarik jasan ez dutenetan batez ere. Horregatik sartu dira inbentarioan arkeologi edota arkitektura aldetik garrantzi berezia izan eta babestea merezi duten baserriak.

Beasaingo Udalari eskerrak eman nahi dizkiot lan hau egiteko eman didan aukera paregabearengatik eta lana burutzeko eskaini didan laguntza guztiarengatik. Aldi berean eskerrik beroenak Aranzadi Zientzi Elkarteko Joantxo Agirre Mauleoni eta Sonia San Joseri ere lan hau egiten eskainitako laguntzarengatik eta amaitzear nengoela egindako beharrezko zuzenketengatik. Halaber eskertu egin nahi ditut hemen Jaione Iriondo, Alaitz Olazabal, Iker Uzkudun eta Iban Iparragirre ere, Beasaingo elementu desberdinak ikusi eta argazkiak ateratzen eskainitako laguntzarengatik.

Donostian, 2001eko irailaren 13an

Asier Olazabal Uzkudun

Historian Lizentziatua

Azken eguneratzea: 2011/05/27

 
Loinazko San Martin Plaza 1 - (20200). Tfnoa: 943028050
© Beasaingo Udala 2008
Erabilerraztasuna- Lege-informazioa- Datuen babesa- Erabiltzeko baldintzak