Beasain


 
Hemen zaude: Hasiera > Argitarapenak > Esku-eskuan > Beasain Esku-Eskuan bilduma >

Beasain Esku-Eskuan bilduma


Esku-eskuan bildumaren argitalpenak ikusi

1992. urtean, Beasaingo Udalak, "Beasaingo Paperak" bildumaren argitalpenari ekin zion. Ordutik aurrera, urtero, bilduma horri esker, herriko historia, etengabe arakatu eta ezagutzera eman da bere arlo desberdinetan. Esan beharra dago, lan honen neurria handia izan dela eta liburu horiek idazteko erabili den informazio-kopurua izugarria izan dela. Urteak aurrera joan ahala, proiektu horren inguruan lan-dinamika bat sortu da eta horren ondorioz "Beasaingo Paperak" bilduma finkatu eta sendotu egin da.

Lan-prozesu horren barruan, ideia berriak sortu dira. Beasaingo Udalari interesgarria iruditu zitzaion, halaber, herriko beste hainbat gauzaz hitz egin zezaketen lan deskribatzaile edo datu-biltzaileak ere argitaratzea. Horrela, 1999ko urte-hasieran, Jose Zufiaurre Goyaren "Beasaingo Mendi eta Errekak" lana argitaratu zen. Bertan, herriko gailur eta ibaien azterketa deskribatzaile laburra egiten zen.

Lan-mota hauek ezin dira "Beasaingo Paperak" bildumaren barruan kokatu, bilduma horretako lanak baino laburragoak baitira bai edukietan eta baita erabilitako informazio-kopuruetan ere. Dena dela, beren izaera laburrak ez du esan nahi interes gutxiago dutenik. Horregatik, "Beasaingo Mendi eta Errekak" liburuxka eredutzat hartuz, "sakelako edo poltsikoko bilduma" bat sortzea erabaki da.

"Beasain esku-eskuan", proiektu berri honen barruan kokatzen da. Ez da urtero argitaratuko "Beasaingo Paperak" bezala eta ez du maiztasun jakinik ere izango. Bilduma berri honek, ikerketa berriak burutzen diren heinean eta unean uneko egoerek ahalbidetzen duten heinean egingo du aurrera.

Bilduma bikaina gure ingurune hurbilena ezagutzeko, are gehiago, duen formatu txikia izanda, horrela, gurekin eraman ahal izango baitugu bertan aipatzen diren tokiak bisitatzera goazenean.

 

Azken eguneratzea: 2008/10/17

 
Loinazko San Martin Plaza 1 - (20200). Tfnoa: 943028050
© Beasaingo Udala 2008
Erabilerraztasuna- Lege-informazioa- Datuen babesa- Erabiltzeko baldintzak